Moskatorreko sagrarioa

  • 2026/08/13

Moskator Santiagoren elizako sagrarioa artelan aparta da. Moskatorreko herriko tenplua 1813an erosi zioten Urizaharreko (Araba) herriko parrokiari, erretaula nagusirako egin zuten hasiera batean.

Tabernakulua edo sagrarioa zur landuzko egitura da, 1563 inguruan Iñigo de Zarraga eta Nicolas de Venero zizelkatzaileek egina. Jatorrizko polikromiaren ustezko egilea Diego de Araoz (ca. 1507-1575) da.

Horrelako pieza liturgikoetarako eskatzen diren ezaugarri formalen arabera sortu zen, eta, gainera, bere funtzioarekin bat datozen duintasuna eta apaindura ditu. Bere egiturak tenplu hipostilo txiki bat irudikatzen du, hau da, zutabez inguratutako eta kanpoko zein barruko aurpegietan dekoratutako espazio bat. Eskultura espresibistaren eta erromanistaren arteko trantsiziozko obra da.

Oinplano erdiexagonala du, eta goikaldean aingerutxo buruekin ornatutako friso bat du. Kanpoko hiru erliebeak, zutabe korintoarrez banatuta daude.

Kanpoaldeak eskultura-programa nabarmena du. Erdiko aurpegian, behe-erliebean, Dolua edo Pietatearen eszena irudikatzen da, Miguel Ángel Buonarrotiren marrazki batean inspiratua: Vittoria Colonnaren Pietatea izenekoa, 1545 inguruan egina, eta Bostongo Isabella Stewart Gardner Museum-en kontserbatua. Florentziako artistak egin zuen obra erromatar noble honentzat, harekin adiskidetasun estua izan zuen eta. Konposizioak Kristoa erakusten du, gurutzetik jaitsi berria, amaren magalean hila, besoak zerura altxatzen dituena minez. Eszenaren ezaugarri nagusia simetria da: amak eta semeak jarrera paraleloak hartzen dituzte besoen antolaeran eta begiraden orientazioan. Gurutzeak, Mariaren burutik Kristoren oinetaraino lerro bat marrazten du. Bi aingeruk, hegalik gabeko izpiritu garbi gisa irudikatuak, Jesusen gorputzari eusten diote eta bere amaren belaunetan jartzen dute. Giulio Bonasone (1546), Nicolas Beatrizet (1547), Giovanni Battista de Cavalieri (1564) eta Agostino Carracciren (1579) grabatuen bidez eredu ikonografiko hau zabaltzeak artista europar askoren errepertorioan sartzea erraztu zuen.

Eskuineko aldean, Ecce Homoren irudikapena dago. Kristok eskuak lotuta, zutik agertzen da, arantzaz koroatuta eta mantu purpuraz estalita. Belauniko dagoen soldadu batek, burla egiteko, kanabera bat eskaintzen dion bitartean.

Ezkerreko aldean flagelazioaren eszena garatzen da. Kristo zutabeari lotuta agertzen da, gorputza azoteek urratuta duela, bitartean borreroa bere oinetara makurtzen da, tormentuan erabilitako sokei eutsiz.

Hala ere, obra honen alderdirik apartekoena jatorrizko barne-polikromiaren kontserbazioa da. Bertan, 1509an Rafael Sanziok Vatikanoko Jauregi Apostolikoaren Signaturaren Egonaldirako margotutako Sakramentu Santuaren Lehiaren bertsio bat irudikatzen da, Giorgio Ghisi eta beste grabatzaile batzuen estanpei esker Europa osoan zehar zabaldua.

Erdiko horma-atalak konposizio hori errepikatzen du; bi aldeetan, berriz, irudi androginoak ageri dira, Arma Christiak daramatzatenak, karteletan integratuta, girnalda eta manierismo fantastikoaren beste elementu bereizgarri batzuez inguratuta. Alboko paneletan Aaron eta Melquisedec irudikatzen dira, Itun Zaharreko Eukaristiaren aurrefiguraziotzat hartuak. Programa ikonografikoa Baratzeko Otoitzaren eszena batek osatzen du, sagrarioko atearen barruan margotua.

Tailuaren kalitateak, programa ikonografikoaren aberastasunak eta, batez ere, jatorrizko polikromia manieristaren aparteko kontserbazioak elizbarrutiko ondare artistikoaren pieza berezienetako bat bihurtzen dute sagrario hau.

«Artelan honen berezitasuna barrualdeko polikromia da, Rafaelek 1509an Vatikanoko Jauregi Apostolikorako margotu zuen Sakramentu Santuaren Lehia irudikatzen duena, bai eta Aaron eta Melquisedec irudiak ere, Arma Christi zeramaten pertsonaia androginoekin batera.»

ZAHARBERRITZEA

2022ko udaberrian, Vitoria-Gasteizko Gotzaindegiko Ondare Historiko-Artistiko eta Dokumentalaren Ordezkaritzak txosten diagnostiko bat eskatu zion Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuari. Azterketa horren arabera, sagrarioaren kontserbazio-egoera oso eskasa zen. Termiten eraso larri batek zurezko egitura ia osoa kaltetu zuen, haren egonkortasuna arriskuan jarriz eta artelanaren osotasuna mehatxatuz.

Egoera horren aurrean, Gotzaindegiak presaz jardun zuen, eta sagrarioa desmuntatu, intsektuak hil eta Arabako Foru Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzura eraman zuen, kontserbazioa bermatzeko.

2024tik 2025era bitartean, lehen zaharberritze-fase bat egin zen, piezaren egiturazko egonkortasuna berreskuratzeko. Hala ere, egurrak mugimendu higroskopikoak eta ezegonkortasun dimentsionala izaten jarraitzen du, jasandako kalte larrien eta denboran zehar metatutako asalduren ondorioz; beraz, egonkortze-prozesua oraindik ezin da amaitutzat jo.

2026ko maiatzean, sagrarioa Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museora (MDAS) eramatea erabaki zen, espazioaren ingurumen-baldintzetara pixkanaka egokitzen laguntzeko. Udako hilabeteetan, pieza behaketan eta jarraipen teknikoan egongo da, eta irailean, berriz, behin betiko sendotze-lanak hasiko dira.

Prozesu honi esker, aparteko artelan baten epe luzerako kontserbazioa bermatuko da. Artelan hau berreskuratzea mugarri garrantzitsua da Elizbarrutiko ondare artistikoa zaintzeko.

Ordutegia

Asteartetik ostiralera:
10:00-14:00 eta 16:00-18:30
Larunbatetan:
10:00-14:00
Igande eta jaiegunetan:
11:00-14:00
Astelehenetan, itxita
Aretoak itxi baino 10 minutu lehenago hustuko dira.

Helbidea

Maria Sortzez Garbiaren katedrala
Cadena y Eleta monsinorea kalea
01008 Vitoria-Gasteiz

Museoa Gasteizko Maria Sortzez Garbiaren katedraleko girolaren espazioan dago.