San Fausto Nekazaria. Erlikia irudi bat
- 2024/11/05
Artelana Bujandako (Araba) Jasokundearen Elizatik dator. San Faustoren erlikiak gordetzeko egin zen, parrokia horretan bertan gurtzen da haren gorputza.
Zilarrezko urregintzako pieza hau aparta da, oso gutxi baitira guregana iritsi diren mota honetako artelanak.
San Fausto Nekazaria zutik dagoen monje bizardun bat bezala irudikatuta dago eta bere abitua eskapularioduna da. Eskuineko eskuan aitzur bat darama eta ezkerrekoan kantinplora bat, bere bizitzari eta mirariei lotutako ezaugarri ikonografikoak. Bularrean, bihotz forma duen hutsune batean, 1636an jarritako erlikia darama.
Juan de Napoles Mudarrak egin zuen. Burgosen jaio zen 1560 inguruan, baina Valladoliden trebatu zen. Buruaren modelatzeak eta aurpegiaren adierazkortasunak eskultore on baten maisutasuna erakusten dute. Bere abituaren marrazkiak burilatu bikainekoak dira. Irudiak XVI. mendeko azken urteetako eredu manieristei erantzuten die.
Moldura txikiak dituen idulki zilindriko baten gainean dago. Bertan, Álava eta Guevara leinuen armarri heraldikoak eta dibisak daude grabatuta. Idulkiaren latinezko inskripzio burilatuan ikus dezakegunez, 1596an Karlos de Álava jaunak eta bere emazte María Ana de Guevarak eman zuten, bere alaba Ana Mariaren jaiotzagatik eskerrak emateko:
‘Divo Fausto quod ejus patrocinio ex D. Maria Anna de Guevara D. Annam Mariam filiam optatiss. Susceperit D. Karolus de Alava patrono bene merenti de suo posuit. Año de 1596’
Oinarriaren atzealdean Juan de Nápoles Mudarra zilarginaren eta Juan de Benavente markatzailearen puntzoiak eta Valladolideko armarria ditu. Biak izan ziren Valladoliden egile nabarmenak.