Alanguako sagrario gotikoa

  • 2021/12/07

2021eko abenduaren 3an aurkeztu zen jendaurrean pieza berri hau, hemendik aurrera museoaren bilduma iraunkorrean sartuko dena. Sagrarioa Arabako Alangua herriko San Esteban elizatik dator. Gasteizko Gotzaindegiak erosi zuen 2017an eta, zaharberritu ondoren, orain ikusgai dagoen Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan utzi zuen.

Kareharri polikromatuz egindako pieza da, burdina forjatuzko ateduna, eta XV. mendekoa izan daiteke. Sagrario honek interes historiko eta artistiko handia du, gure probintzian tipologia eta garai horretako oso adibide gutxi baitaude.

Sagrario mota hori ez da oso ohikoa Araban. Hiriaren bihotzean bisitatu ahal izatea bost mende baino gehiago dituen arte sakratuko pieza hau miresteko aukera paregabea da.

Susana Arechaga, Historia-, Arte- eta Dokumentu-ondarerako Ordezkaria
Sagrario gotikoa

Sagrarioa tenplu bateko altzari liturgiko garrantzitsuena da eta bere funtzioa Sakramentu Santua kontserbatzea eta zaintzea da. Alanguako parrokiako sagrario honen azken kokapena San Esteban elizako sakristia izan zen, lehenago tenpluko horma batean egon zitekeelarik.

Kareharrizko bloke bakar batean eraikita dago. Alde batean, burdina forjatuzko ate bat irekitzen da. Arku konopial txaranbeldu batean dago, oinarrian lau petaloko eta diskoko hamahiru lorerekin ornatuta. Markoa, alde banatan hiru hosto kardino dituen erliebean egindako zurtoin batek inguratzen du, goikaldean, Kristoren monograma zizelkatuta dago. Polikromia-hondarrak ditu.

Barrualdea zirkuluerdiko ganga beheratua duen nitxo bat da, eta hormetan eta atean brokatu aplikatuaren hondarrak kontserbatzen dira, brodatuak imitatzen dituen teknika bat.

Informazio zehatza (pdf)

Online katalogoa (Museotik)

Ordutegia

Asteartetik ostiralera:
10:00-14:00 eta 16:00-18:30
Larunbatetan:
10:00-14:00
Igande eta jaiegunetan:
11:00-14:00
Astelehenetan, itxita
Aretoak itxi baino 10 minutu lehenago hustuko dira.

Helbidea

Maria Sortzez Garbiaren katedrala
Cadena y Eleta monsinorea kalea
01008 Vitoria-Gasteiz

Museoa Gasteizko Maria Sortzez Garbiaren katedraleko girolaren espazioan dago.